Zarautzek Getxori hika hitz egin zionekoa

Zarautzek Getxori hika hitz egin zionekoa
Partiduko mele bat (Jon Ander Vildosola

Partida galdu arren harro sentitzea, posible da batzuetan. Hala pentsa liteke, larunbatean, Astin, Getxoren aurka 3-19 galdu ondoren, harmailak zarauztarrei eskainitako txaloak entzunda. Klubak zaleen eguna izendatu zuen eta sarrera doan izan zen, baina harmaila ez zen guztiz bete. Hala ere, Babyautoren jarraitzaileak saiatu ziren jokalariei berotasuna ematen eta larunbat arratsaldeko eguzki beteak egin zuen gainontzekoa.

Partida hasi eta 10 minutura izan zuen Getxok lehen aukera, touche-an ateratako baloi batekin. Babyautok marraren gainean salbatu zuen entsegua eta ostikadaz urrutiratu baloia. Handik gutxira ordea, 13. minutuan, 5 metroko marran, Getxok touche-a motzean atera eta indarrez, bizpahiru kolpetan, Federico Fontanak lortu zuen entsegua, albotik. Transformaziorik ez eta 0-5 markagailuan.

Babyautoren lehen aukera garbia ere touche baten ondoren etorri zen. Maulean, zarauztarren aldeko kolpea seinalatu zuen epaileak eta Carlos Estradaren ostikadak egin zituen lehen 3 puntuak. 3-5 markagailuan eta 17. minuturako, partidaren tonua emanda. Getxo izan zen baloiaren jabe eta Babyautoren zelaian jokatu zen minutu gehienetan, baina zarauztarrek jakin zuten eusten, puntu asko salbatzen eta izan zituzten entsegu aukerak ere, nahiz ezin errematatu.

Getxoren bigarrena 31. minutuan iritsi zen: Melé-a 5 metrora eta entsegua, Aitor Lasak zutoinen artean. Aitor Zubeldiaren transformazioari esker 3-12 Getxoren alde. Eta halaxe iritsi zen atsedenaldia.

Facundo Orivek entrenatutako mele-a, bada gehienetan Babyautoren indarguneetako bat, baina ez larunbatean. Facundo bera min hartuta atera zen zelaitik Getxoren bigarren entseguaren aurreko jokaldian. Getxo ere ez zen fin ibili mele-an, baina etekin gehiago atera zion eta hirugarren entsegua ere, aurrekoaren antzera, 5 metroko eremuan, baloia mele-tik atera eta bizpahiru pasetan lortu zuten. Leandro Buera eta Aitor Zubeldiaren artean beste 7 puntu Getxorentzat. 3-19.

Nolanahi ere, bigarren zati osoan, zarauztarrek parez-pare hitz egin zieten bizkaitarrei. Gutxienez bi entsegu aukera garbi izan zituzten, eta gutxienez beste bi salbatu, baita, txartel hori bat tarteko, zelaian bat gutxiago izanda ere.

Baloi askorik gabe, Babyautok jakin zuen eusten eta borrokatzen. Eta zaleek baloratu zuten.

Getxo duela bi urte jaitsi zen ohorezko mailatik eta aurten, B mailako A taldean, lehenengoa da sailkapenean. Ia zelai guztietan irabazi du puntu asko eginda. Gernikan soilik lortu zituen Zarautzen baino gutxiago. Horregatik, partida galdu eta sailkapenerako puntu bakar bat ere bildu ez arren, larunbatekoa, ez zen emaitza txarra izan.

Denboraldia amaitzeko 3 jardunaldiren faltan eta partida bat gutxiago jokatuta, Babyauto Zarautz 4. da sailkapenean, Getxo, Gernika eta Ourenseren atzetik. Hurrengo hitzordua, datorren larunbatean, otsailaren 29an, 16:00etan, Gernika Bizkaia taldearen zelaian, Urbietan.

Bultza Beltzak!