Uribealdeak Zarauztarren martxa frenatu du

Argazkia: Jon Ander Vildosola

Uribealdea RT-k irabazi egin zuen Astin, beste behin, Babyauto Zarautzen kontra. Eta zarauztarren piztia beltza bihurtzeko bidea dira. Beste hainbat alditan bezala, zarauztarren jokoa haustea lortu zuten defentsa sendoa eginez, nahiz etxekoak irabazten hasi. Facundo Oribek lortu zituen lehenengo puntuak, maulean aurrera eginda, aurrelarien kemenari esker.

Zarauztarrek nahi zuten, baina ezin. Bizkaitarrek ez zieten inoiz utzi, erritmoa markatzen. 10 eta 15. minututan, aldeko bi zigor kolpe transformatu eta Uribe aurretik jarri zen: 5 eta 6.

Xabi Castañoren mutilak gehiago ziren meleetan, uztartzetan, eta baita touchetan ere, baina Uribealdeak erasoa geldiaraztea lortzen zuen beti.  23. minutuan, Iñigo Lasak lortu zuen talde guztiak 5 metroko eremuan egindako lana borobiltzea eta entsegua egin zuen. Agustin Cittadinik ordea, ez zeukan eguna eta ez zuen transformazio bakar bat ere lortu.

Uribek bereari eutsi zion, zigor kolpeak bilatuz etengabe. 15 zenbakiak bete-betean asmatu zuen denetan eta epaileak seinalatutako 4 kolpeak transformatuta, 10-12 joan ziren aldagelara.

Bigarren zatia hobea izatea espero zuten etxeko zaleek baina Uribealdeak erakutsi zuen badakiela jokatzen. Partida berriz abiatu orduko, hutsunea bilatu eta euren entsegu bakarra egin zuten 41. minutuan.

Nahiz eta behin eta berriz saiatu; nahiz eta aldaketak egin indarrak berritzeko; nahiz harmailek garraisi egin taldea animatzeko, markagailua ez zen gehiago mugitu eta 10-17 izan zen azken emaitza.

4 jardunaldi pasata, 2 garaipe eta 2 porrot izan dira. Babyauto Zarautz sailkapeneko 7. postuan dago, baina lehenengoetatik 4 puntura besterik ez. Eta denboraldiari asko geratzen zaio oraindik.

Babyauto Beltzak/ Zarautz Senior B taldeak ere galdu egin zuen Universitario Bilbao taldearen aurka. Euskal Ligako 2. mailako partida  zen eta bilbotarrak jaun eta jabe izan ziren.

Poza, Sub16 eta Sub18 taldeek ekarri zuten, biek irabazi zietelako Gaztediko taldeei, Lasarteko zelaian. Talde hauen emaitzek  nabarmen erakusten dute Astiko Errugbi eskolan egiten den lan ona.

Hori igandean izan zen, bezperan, larunbat goizean errugbi eskola jardunaldia egin zen Astin gaztetxoenekin, LH3 eta LH4ko ikasleekin. Zarauzko eta inguruko ikastetxeetako 500 neska-mutil inguru elkartu ziren, errugbiaz gozatzera.