Kostatako garaipena

Kostatako garaipena
Argazkia: SOLO RUGBY DESDE ASTURIAS

Ondo kostatako garaipenarekin itzuli da Babyauto Zarautz asteburuan Oviedotik. Partida 15-22 menderatuta,  5 puntu gehiago eta sailkapeneko 4. postua irabazita, zarauztarrek etekina atera diote larunbatean bertan egindako joan-etorriari.

Real Oviedo Rugby taldea berria da Ohorezko B mailan eta lehen partida etxetik kanpo irabazita zetorren. Kementsu, eta bere zaleen aurrean luzitzeko gogoz. 10. minuturako aurretik ziren, 3-0, zigor kolpe bat aprobetxatuta. Oviedok defentsa gogorra egiteko baliatu zuen bere lehen lerro indartsua, baina arrisku uneak salbatu eta 30. minuturako, zarauztarrek partida parekatu zuten: 3-3 Carlos Estradak botatako zigor ostikadari esker. Tonu horretan joan zen lehen zatia: asturiarrak gogor, mele-an eta ruck-etan eta zarauztarrak baloia zabaltzeko erraztasun askorik gabe. Lehen zatia amaitzeko puntuan, epaileak txartel horia erakutsi zion Imanol Zelaya Oviedoko jokalariari eta orduan, 39. minutuan etorri zen zarauztarren entsegua: Xanti Irazustak, 3-8 utzi zuen markagailua atsedenaldira joan aurretik.

Asturiarrek jokalari bat gutxiagorekin hasi zuten 2.zatia, baina inork ez zukeen esango. Hamar minutuan, aldeko bi zigor kolpe aprobetxatu eta aurretik jarri ziren, 9-8. Hirugarren zigor kolpea berehala: 12-8. Bigarren zatiaren erdi aldera, Oviedo aurretik, entsegu bakar bat ere egin gabe.  Zarauztarrei arnasarik ez ematea, hori zen agindua nonbait. Bigarren zati ia guztian, Oviedok izan zuen baloia. Bizpahiru aldiz lortu zuten zarauztarrek baloia eskuratu, zabaldu eta erasoa antolatzea eta ez zuten barkatu.  Oviedoren zelaia zapaldu zuten bakoitzean lortu zituzten puntuak. Zazpi, 25. minutuan, Xanti Irazustaren entsegua eta Carlos Estradaren transformazioarekin. Eta beste 7, partida amaitzear zela Corey Simpsonek marka egin eta Sebastian Sedranek transformatuta. Tartean, Nika Bezhuashvilik, Oviedoren puntu guztiak egin zituenak,  beste 3 lortu zituen bere taldearentzat, zigor kolpez. 15-22 azken emaitza, Babyauto Zarautzen alde.

Hiria San Mateo festatan murgilduta, El Naranco zelaiko harmailak bete egin ziren larunbat arratsaldean. Oviedoko udal ordezkaritza eta errugbi zale ugari. Gehienak asturiarrak, baina baita Zarauztik edo Aiatik joandakoak ere. Partida internetez ere jarraitu ahal izan zen, ohi denez, eta horri esker, Asturiasko Zentro Medikoan ere ikusi zuten. Partida berean min hartutako 5 jokalarik, (zarauzko 2k eta oviedoko 3k) ospitaleko itxaron gelan topo egin, eta elkarrekin ikusi zuten partida, han tokatu zirenen harridurarako. Battitt Chaudiere eta Juan Sorreluz lehen bait lehen osatzea falta da orain.

Honenbestez, Babyauto Zarautz sailkapeneko 4. postuan da, 9 punturekin, Gernika eta Ourenserekin berdinduta eta lehenengo doan Getxotik puntu bakarrera. Hurrengo hitzordua Astin, irailaren 29, igande eguerdian, Campus Universitario Ourenseren aurka. Sailkapenean berdinduta daudela kontuan izanda, ez da emoziorik faltako.

Argazki galeria: SOLO RUGBY DESDE ASTURIAS

Bultza Beltzak!