Garaipenaren dropa

Argazkia: Jon Ander Vildosola (Aurreko partidu batekoa)

Eibar eta Zarautz. Bi taldeak atera ziren Unbeko zelaira irabazteko prest. Sailkapenean parekatuta, bateko zein besteko jarraitzaileek, bazekiten partida irabaztearen garrantzia eta hori hasieratik nabari zen.

Hasi eta berehala, Zarautzek 5 metroko eremuan zokoratu zuen Eibar eta 3.minutuan, Facundo Oribek entsegua eta Agustin Cittadinik transformazioa lortu zituzten.

Etxekoek erantzun egin zuten. Beltzak atzera eraman eta 8. minutuan egin zuten marka.

Hasierako entsegu horien ondoren, jokoa zelaiaren erdigunean kokatu zen. Bi taldeak aritu ziren buruz-buru, bata besteari aurre hartu ezinik, 18. minutuan Agustin Cittadinik, ostikadaz, zigor kolpe bat transformatu zuen arte. 5-10 zabaldu zuten abantaila zarauztarrek eta hori nahikoa ez eta, bi hegalek, José Esteban Méndezek eta Adrian Apaolazak entsegu bana lortu zuten 20 eta 23. minututan. Agustin Cittadinik, ia hutsik egiten ez duen gizonak, transformatu zituen biak.

Eibartarrak jota, baina oraindik zutik. Eutsi egin zioten eta piztu egin ziren 27.minutuan entsegua eta transformazioa lortuta. Ez zituzten zaleak zapuztu nahi etxean eta jokaldiz-jokaldi, baloia, jokoa eta konfiantza berreskuratu zituzten. Babyauto Zarautzek arnasa hartu zuen atsedenaldira kontrako puntu gehiagorik gabe iritsi zirenean. 12-24, bigarren zatia konfiantza apur batekin hasteko moduko emaitza zen.

Eibarrek ordea, atzeman zuen nola min egin zarauztarrei eta bigarren zatiaren hasieran, bere ahalmen guztia erakutsi zuen, zarauztarrak nahasteraino: txartel hori bana Agustin Cittadiniri eta Corey Simpsomi 41 eta 45. minutuetan eta 3 entsegu eta 3 transformazio 44, 48 eta 50. minutuetan.  Eta Zarautz, iparra galduta Unbeko zelaian.

Markagailua 33-24 jarri zen etxekoen alde, baina kanporatuak zelaira itzuli orduko talde zarauztarra bere onera etorri zen. Berriz ekin zioten eta jokoaren iniziatiba berreskuratu zuten. 55. minutuan Sebas Sedránek entsegua eta Agus Cittadinik transformazioa, hutsik egin gabe. Bi taldeak, nor baino nor. 60. minutuan eibartarrek lortu zuten zarauztarren defentsa haustea: beste entsegu bat eta beste transformazio bat eta 40-31 markagailuan.

Tentsioa zelaian eta 64. minutuan beste kanporaketa bat. Oraingoan eibarko bigarren lerro indartsu bat zigortu zuen epaileak, Xabi Castañoren mutilen mesederako.  Egoera aprobetxatu zuten Jose Esteban Méndezek eta Agustin Cittadinik entsegua eta transformazioa egiteko. 40-38, 66.minutuan eta bor-bor harmailak eta zelaia.

Nekea nabari zen, baina inor ez zegoen amore emateko prest. Babyauto Zarautzek bazekien, galtzen joan arren, garaipena eskura zuela eta orduan iritsi zen extasia: 70. minutuan 22 metroko eremuaren kanpotik Agustin Cittadinik dropa bota eta asmatu egin zuen. 3 puntu zarauztarrentzat eta Eibarri aurre hartzeko aukera. Eibartarrak saiatu ziren oraindik ere beste marka bat egiten, baina zarauztarrek ez zieten utzi eta halaxe iritsi zen 80.minutua.

Bi talde borrokalari, publikoaren gozamenerako. 40-41 azken emaitza.

Bultza Beltzak!