Babyauto Zarautzek berdinketa Bizkaitarrekin

Argazkia: Jose Ramón Buenetxea

Uribealdea eta Babyauto Zarautz, seigarren eta zazpigarren, puntutara berdinduta sailkapenean. Mungiako zelaian topo egin zuten aurrez-aurre, nor bere aukerak baliatzeko prest.

Partida hasi orduko, etxekoak Babyauto Zarautzen zelaira sartu eta entsegu markaraino eraman zituzten zarauztarrak, baina epaileak zarauztarren aldeko meléa adierazi zuen. Baloia mugitzen hasi orduko, zarauztarrek euren jokoari ekin zioten. Eskuz-esku, hiru laurdeneko lerroan jokalari batetik bestera pasa zen baloia, Adrian Apaolazak hartu eta entsegu marraraino eraman zuen arte. 3.minutuan estreinatu zuten markagailua.

Uribealdea bere jokoa egiten hasi zen ordea. 7. minutuan Beltzen defentsa hautsi eta markagailuan aurre hartzea lortu zuen, entsegua eta transformazioa, biak eginda. 7-5 markagailuan, 5 minutuz. Uribealdeak bere jokorik onena erakutsi eta bigarren entsegua eta transformazioa lortu zituen 12. minutuan. Eta hori gutxi balitz, 19.ean, zigor kolpe bat transformatu zuten, aldea areagotuz. Zarauztarrek ez zuten jokaldi bat bera bukatzea lortzen eta bizkaitarrei aldiz, dena ateratzen zitzaien ondo. Horren adibide, 34. minutuan moztu zuten pasea. Dortokarenak nagusi ziren jokoan, baina ohostutako baloiari esker, Uribealdeak 3. entsegua egin zuen. Transformazioa lortu eta 24-5 markagailuan.

Emaitza horrekin erretiratu ziren aldagelara eta han, Xabi Castañoren aginduek eta jarraibideek izan zuten eragina: taldea beste jarrera batekin jokatzen hasi zen. Zelaian jaun eta jabe, euren eremuan itxi zituzten etxekoak, baina irtetzea lortu orduko, 51.minutuan, 4.entsegua egin eta transformatu zuten. 31-5. Beltzek baina, ez zuten amore eman, hasitakoari eutsi zioten eta 2 minutura hasi ziren gorantza, Mikel Eceizaren entsegu bati esker. Apur bat geroago, Babyauto Zarautzek metroak aurreratzea lortu zuen bere maularekin, etxekoen azken defentsa lerroan melé bat lortzeraino. Ibilera mantso baino kupidagabearekin, dortokek Uribealdearen kontrako zigor entsegua eragin zuten. 31-17. Zarauztarrak gertuago eta 20 minutu oraindik partida amaitzeko.

Zarauztarrak suspertu egin ziren. 70.minutuan, Gorka Aristondo gazteak, zelaira sartu berriak, baloia zutoinetara eraman eta Beltzen aldeko 4. entsegua egin zuen. Eraso bonusa eta defentsa bonusa, biak esan nahi zituen entsegu horrek. 4.a zelako batetik, eta bestetik, azken emaitza 31-24 izanik, aldea ez zelako 7 puntu baino gehiagokoa. Beltzek ez zuten inoiz partida galdutzat eman eta ezagun zen.

Bestalde, Senior B taldeak galdu egin zuen Igorren, Bizkaian, Arratiako Zekorraren aurka, 48-5.

16 eta 18 urtez azpiko gazteek berriz, biek irabazi zuten Astin, Getxoko taldeen kontra.43-19 nagusitu ziren 18 urtez azpikoak eta 36-22, 16 urtez azpikoak.

 

Lau partida talde bizkaitarren kontra. Bi irabazi, bi galdu, bina beraz. Datorren astean, Kaleido Universidade de Vigo, beste aurkari gogor bat, Astin.