Azken uneko garaipena

Azken uneko garaipena
Argazkia: Jon Ander Vildosola (Aurreko partidua)

12-14, zarauztarren alde. Horrela amaitu zen larunbat arratsaldeko errugbi partida El Fangon, Universitario Bilbaoren zelaian. Bigarren itzuliko lehen partida zen eta emaitzak ondo erakusten du zeinen estu joan ziren 80 minutuak. Lehen zatian Zarauztarrek joko hobea egin zuten, baina entsegu aukera guztiak barkatu zituzten eta bigarren zatian, estu ibili ziren garaipenari eusteko.

Partida hasi eta hamar minutura, zarauztarrek estreinatu zuten markagailua. 0-3, Karlos Estradak ondo baliatutako zigor ostikadari esker. Hego haizea bizi zebilen eta ez zen ostikadatarako arratsalderik onena, baina ostikadek salbatu zuten partida. Lehen zati osoan zarauztarrak izan ziren nagusi zelaian: beraiek izan zuten baloia. Eskura jokatu zuten, azkenaldian baino gehiago, eta jakin zuten baloia zabaltzen. Melé eta touche gehienak irabazi zituzten eta arriskua sortu zuten, bilbotarrak urduritzeraino, baina ezin errematatu. Gutxienez hiru aldiz gerturatu ziren bilbotarren marka eremura eta eskura izan zuten entsegua, baina ezin jokaldia itxi. Aukerak galdu ziren, zarauztarren huts egiteengatik gehiago, bilbotarren defentsagatik baino. Lehen zatian, Babyautok bilbotarren 22 metroko eremuan jokatu zuen minutu luzez eta bilbotarrak apenas iritsi ziren zarauztarren zelaira. Horregatik, atsedenaldira 0-3 iristea etsigarria izan zitekeen Babyautorentzat edo pentsa zitekeen, horrela segi ezkero, puntuak iritsiko zirela.

Bigarren zatia, kementsu hasi zuten zarauztarrek. Erasoa antolatu, behin eta berriz baloia gorde eta ekinaren ekinez, Unai Elustondok lortu zuen entsegua hegaletik, nahiz une horretan zarauztarrak bat gutxiago izan zelaian, txartel hori bat tarteko. 46.minutua zen eta 0-8 markagailuan, transformaziorik ezean.

Zarauztarrak ez zeuden barkatzen segitzeko prest, baina Bilbotarrek ere badakite errugbian. Baloiaren jabe zirenean, bizi mugitu eta abiadura lortzen zuten zelaian eta halaxe egin zuen Petrus Johannes Van Stadenek bilbotarren lehen entsegua, hegaletik. 5-8, bigarren zatiaren erdialdera. Puntuak garesti eta zelaian jokoa lehen zatian baino parekatuagoa. Puntuak biltzea zen helburua eta Karlos Estradak beste 3 lortu zituen zigor kolpe bat transformatuta 65. minutuan: 5-11. Baina zarauztarren pozak ez zuen iraun. 73. minutuan, bilbotarren aldeko touche-a 5  metroko marraren gainean, maul-a eratu eta barruraino iritsi ziren. Lasha Piliak bilbotarren aldeko entsegua eta Aitor Garciaren transformazioa. 12-11 eta bilbotarrak aurretik, lehen aldiz, partida amaitzeko 7 minuturen faltan. Tentsioa zelaian eta harmailetan ere bai. Handik lau minutura, zarauztarren aukera: Karlos Estradak zigor ostikada bota, asmatu eta 12-14, zarauztarrak berriz aurretik. 3 minutuz baloia gordetzea zen kontua eta kosta egin zen hori ere, baina lortu zuten zarauztarrek, ondo sufrituta.

Lau puntu gehiago Babyautorentzat. 34 ditu orain eta 4.da sailkapenean, Getxo, Gernika eta Ourenseren atzetik. Hurrengo partida, Astin, datorren asteburuan, Oviedoren aurka. Azken partida izango da, Eguberrietako atsedenaldiaren aurretik.

Bultza Beltzak!

Kronika: Prestaenea