Zarautz Rugby Taldea - Berriak

  • Logo Zarautz Rugby Taldea 1
  • Logo Zarautz Rugby Taldea 3
Logo Zarautz Rugby Taldea 2


Gazteek erraldoiak garaitu zituzten eguna

 

Larunbateko egun euritsu eta ilunean iritsi ziren Ourenseko mutilak Asti zelaira. Handiak, asko 2 metrotik gorakoak ziruditenak. Aurrean zarauztar talde txiki zein gaztea. Hauek ikusten 100dik gora zaletu, denak aterki eta euritakoen azpian ezkutaturik, errugbi egun bikain batez disfrutatzeko gogoz. Talde gaztea zein ahaltsua zelairatu zuten Phil Huxford entrenatzaileak. Tartean 19 urteko Unai Elustondo eta Xalbat Amilibia, 20 urteko Xabier Rekondo eta Julen Aristorena, eta aurten debutatu duen 18 urteko Jon Eceiza. Gainera aulkian zain, beste 21 urtez azpiko 3 jokalari utzi zituen Zeelanda Berriko entrenatzaileak.
Babyauto Zarautz Rugby Taldeko mutilek euren indarra lehen minututuetatik erakutsi zuten. Jokoan hasi eta 3 minutuetara Xalbat Amilibiak ostikoz 3 puntu eskuratu baitzituen etxekoentzat. Galiziarrek aurrera egin nahi izan zuten, pisua eta indarra erakutsiz: baina 200 kilo baino gehiago gainditzen zuten melea ezin izan zuten atzera bota, are gutxiago, atzera joan zirenak galiziarrak izan ziren. 21. minutuan 19 urteko Xalbat Amilibiak beste 3 puntu eskuratu zituen. 6 eta 0ekoa Astiko zelaian. Partida gogorra eta hotza izan zen, baina Mikel Larrañaga azkoitiarrak bere momentua aprobetxatzen jakin zuen eta 33. Minutuan arerioen marra gainditzea lortu zuen, etxekoei beste 5 puntu emanez.
Bigarren zatia oraindik gogorragoa zian zen. Kanpotarrak ez zeuden gustura partidaren norabidearekin, are gehiago, zaila egiten zitzaien baloia aurrera eramatea. Hau ikusirik euren 4 zenbakiak Xalbat amilibiari eginiko jokaldi zikin baten ostean, zarauztarrak berotzea lortu zuten. Ondorioa? Xanti Irazusta kalera txartel gorriaz, Xalbat defendatzeagatik emandako ukabilkada baten ostean. Euren 4 zenbakia ere kalera bidali zuen epaileak, kasu honetan 10 minuturako. Jokaldi zikin eta itsusi honen ostean iritsi zen Ourensetarren entsegua, eta ondorengo transformazioa. Baina zarauztarren ez zituzten belarriak inongo momentuan jaitsi eta ondorengo jokaldian iritsi ziren hurrengo 7 puntuak. Gogor borrokatu ostean, epaileak zigor entsegua eman baitzien etxekoei, harmailetan  poza zabalduz. 21 eta 7 Astin. Baina dena ez zen hor amaitu. Partida amaitzeko 5 minutu besterik geratzen ez zirenean Xalbat Amilibia harrigarriak beste ostikada erabili baitzuen berriro ere azken 3 puntuak markagailuan sartzeko. 24 eta 7 epailean amaiera adierazi zuenean. Zarauztar txiki eta gazteek, kanpotik etorritako erraldoiak garaitu zituzten egun ilun eta beltz batean, Babyauto Zarautz Rugby Taldean harrobi ikaragarria dagoen seinale izan zen larunbatean Astin ikusitakoa.